Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenaren Euskal Herriko lehen hamaikakoa aurkeztu da. Ekimenera batu eta berauen enbaxadore izango diren lehen hamaika lagunen taldea Bilbon egindako aurkezpenean agertu da lehenengoz. Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ordezkariek osatu dute lehen hamaikako hau eta agerraldia baliatu dute  azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa sozialean parte hartzeko deia egiteko. Ondoko lagunek osatzen dute Euskaraldiaren lehen hamaikakoa.

  • Dani Alvarez, kazetaria
  • Mikel Arrasate, Atarrabiako Karrikaluze elkarteko kidea
  • La Basu, musikaria
  • Pedro Miguel Etxenike, fisikan doktorea
  • Zuriñe Gil, Geu Gasteiz elkarteko kidea
  • Aretz Igiñiz, errugbilaria
  • Cris Lizarraga musikaria
  • Toti Martinez de Lezea, idazlea
  • Eneko Sagardoy, aktorea
  • Alex Txikon, mendizalea
  • Arianne Unamuno, Soraluzeko Pil-pilean elkarteko kidea

Hamaikakoa, hamaika laguneko taldea da modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzea erabaki dutenak belarriprest eta ahobizi rolen bitartez. Euskal Herriko hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko babes urratsa ematea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarren izen ematea aktibatzeko lehen deia egin dute. Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte. Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.

 

Hamaikakoak

Hurrengo aste eta hilabeteetan hamaikako gehiago aurkeztuko dira, herriz herri. Izan ere, lekuan-lekuan Euskaraldiaren talde eragileak lanean hasita daude eta herriko euskaldunen artean zabaltzen ari dira aurtengo udazkenean egingo den ariketaren berri. Herriko ahobizi eta belarriprestekin osatuko dira hurrengo hamaikakoak, beraz.